Skip to main content

Arabako haur batek klasera joateko garraio egokiturik ez duela salatu dute haren gurasoek

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026, ira. 23 - 12:09

Arabako haur batek klasera joateko garraio egokiturik ez duela salatu dute haren gurasoek.

Hain zuzen ere, menpekotasun egoeran dagoen bere semeari, Suharri, Gorbeialdeko Hezkuntza Bereziko Ikastetxera joateko garraioa kendu diotela adierazi dute. Azaldu dutenez, iazko ikasturte amaieran jakinarazi zieten klasera eramateko garraioan aldaketak emango zirela. Gurasoek zabaldutako idatziaren arabera, arrazoietako bat da Eusko Jaurlaritzak hezkuntza premia bereziko ikasleen garraioen diru laguntzen kudeaketa aldatu duela; beraz, ikasturte honetatik aurrera Jaurlaritzak berak kudeatuko du garraio zerbitzua, eta ez ikastetxeak. 

Horiek horrela, hamar egun baino gehiago igaro dira ikasturtea hasi zenetik, eta Suharrek oraindik ez duela klasera joateko garraio egokiturik aitortu dute gurasoek. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote behin-behineko irtenbide bat “berehala” bermatzeko, behin betiko antolaketa lortu arte. Era berean, egoera honek familiari eragindako gastuak eta kalteak bere gain hartzeko eskatu diote.

Bestalde, Nafarroan ere eskola garraioarekin arazoak dituztela salatu du Lokiz eskolako Guraso Elkarteak. Izan ere, azaldu dutenez, Hezkuntza Departamentuak haurrak 15 minutura duten zentrora joateko ia ordubeteko autobus ibilbidea egitea proposatu die. Proposamenari uko egingo diola jakinarazi du Guraso Elkarteak, baina Hezkuntza Departamentuari eskatu diote “haurrak eraman eta ekartzeak suposatzen dituen gastuei aurre egiteko diru laguntza jasotzea”.

Gurasoen aburuz, proposatutako ibilbideak “ez du logikarik”, eta haurren segurtasuna eta haientzako zerbitzu duinak aldarrikatu dituzte. Horregatik, argi utzi dute irailaren 10ean hasi zituzten protestekin jarraituko dutela; izan ere, egunero eguerdiko 13.45etan kontzentrazioak egiten dituzte.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista