Gutxienez bost lagun atxilotu dituzte Iruñerrian, Munduko Kopako liskarren harira
Politika
Maite de Felipe Suso
Gutxienez bost lagun atxilotu dituzte Iruñerrian, Munduko Futbol Kopako finalean izandako gertakarien harira. Diario de Navarrak, berriz, atxilotutakoak zortzi direla baieztatu du. Berriozarren, Antsoainen eta Txantrea auzoan atxilo hartu dituzte Guardia Zibilak eta Foruzaingoak astearte honetan. Naiz hedabideak ziurtatu duenez, gutxienez bi adingabe daude atxilotuta. Foruzaingoak jakinarazi du Iruñeko Auzitegiak daramala ikerketa eta sumario sekretua ezarri duela.
Uztailaren 19an aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek taberna batean Munduko Futbol Kopako finala ikusten ari zen militar talde bati aurre egin zioten. Lekukoek azaldu dutenez, militarretako batek sinbologia nazia zeraman, Nucleo Nacional taldearen kamiseta bat, zehazki. Liskarrean hainbat pertsona zauritu ziren eta Guardia Zibilak ikerketa abiatuko zuela adierazi zuen. Dena den, egun hartan ez zuten inor atxilotu, baina erasoa jasan zutenek salaketa jarri zuten.
Berriozarko Udalak, abuztuaren 25ean, istiluak “arbuiatu” zituen, PSNk eta Zurekin Baik adostutako mozio baten bidez. Mozioak EH Bilduren babesa ere izan zuen. Idatzi hartan, udalak “bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren alde” egin zuen.

















