Etxegabetze bat behin-behinean eten dute Irunen
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Etxegabetze bat behin-behinean eten dute Irunen. Etxebizitzaren jabea, Kutxabank, familiarekin negoziatzen ari da etxea “baldintza onuragarrietan” saldu ahal izateko.
Kaleratzerik Ez plataformak uztailaren hasieran eman zuen kasuaren berri. Emakume bat eta bere bost seme-alaba adingabeak etxegabetzeko agindua zuten irailaren 7rako. Zortzi urte daramatzate etxebizitza horretan bizitzen, alokairuan, baina aurreko jabeek ez zieten jakinarazi etxeak hipoteka ez ordaintzeagatik etxegabetze agindua zuela. Ondorioz, etxebizitza Kutxabanken esku geratu zen.
Bankuak auzitara jo zuen, eta epaitegiek alokairu kontratua baliogabea zela ebatzi zuten. Ekainean, beraz, kaleratze agindua jakinarazi zioten familiari.
Orain, egoerari irtenbidea emateko negoziazioetan ari dira bi aldeak eta Kutxabankek epaitegiari eskatu dio prozedura urriaren 30era arte atzeratzeko, emakumearen senideren batek etxebizitza erosi ahal izateko.
Kaleratzerik Ez plataformak ontzat jo du behin behinean eteteko erabakia, baina gogorarazi du Gipuzkoan beste hamasei familia daudela etxegabetze arriskuan. Honen aurrean, elkarretaratzea deitu dute larunbatean, Donostiako Bulebarrean, goizeko hamaiketan.

















