Skip to main content

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Alokabideren etxegabetzeak salatu ditu

Gizartea

Gaizka Leitza eta Leire Llano

2026, uzt. 22 - 14:07

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Alokabideren etxegabetzeak salatu ditu. Sindikatuak adierazi duenez, apiriletik hona zortzi familia joan dira beren etxebizitza-aholkularitzara Alokabidek martxan duen etxegabetze prozedurari aurre egiteko laguntza eske. Familia hauetako lau etxegabetu dituzte jada eta beste lauak etxegabetzerako data noiz iritsiko zain daude.

Zenbakietatik haratago, sindikatuak garrantzitsutzat jo du etxegabetuak izango diren familien egoerak ezagutzea. Hain zuzen, sindikatuaren esanetan, zortzi familia horietatik zazpik adingabeak dituzte, lau ama bakarrak dira eta batzuek genero indarkeria jasan dute. Horregatik, etxegabetze guztiak “baldintzarik gabe” geldi ditzatela eskatu dute, eta Alokabideri martxan dauden etxegabetze-prozedura guztiak berehala geldiarazteko eskatu diote.

Era berean, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuaren adierazpenak gezurtatu ditu sindikatuak. Sailburuaren esanetan, etxegabetzeak "ia desagertu egin dira” Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Alokabidek "oso salbuespenezko kasuetan baino ez du jendea etxegabetzen”. Hala ere, sindikatuak azaldu duenez, Alokabidek berak emandako datuek kontrakoa adierazten dute: 2025ean Alokabidek ez zuen Araban etxebizitza sozialen kontratuen %25 berritu, eta hortaz, kaltetutako lau familietatik batek etxebizitza utzi behar izan du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista