Gernika-Palestinak elkartasun zapien azken kanpaina aurkeztu du
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Gernika-Palestina herri ekimenak elkartasun zapien azken kanpaina aurkeztu du. Asteazken honetan egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, bi urte igaro dira Gasteizen, blusa eta nesken proposamenez, lehen aldiz ekimena abiatu zutenetik.
Jakinarazi dutenez, 2024an 35.000 zapi inguru saldu zituzten, eta iaz kopurua 60.000ra igo zen. Kanpainari esker “helburu garrantzitsuak” bete dituztela nabarmendu dute, eta aurtengo udan azken kanpaina egingo dutela iragarri dute.
Balorazioa positiboa egin dute. Adierazi dutenez, gizarteko sektore askok parte hartu dute, bai zapien salmentan, bai horien bidez zabaltzen den elkartasun mezua hedatzen. Hala ere, ekimenaren helburu nagusia ekonomikoa dela azpimarratu dute.
Bildutako dirua, Mundubat eta Yala Nafarroa erakundeekin elkarlanean, Palestinara bideratuko dute laguntza humanitarioa emateko: Palestinako komunitateetan oinarrizko baliabideak banatzeko erabiliko dute, besteak beste, janaria eta ura eskuratzeko.
Horrez gain, adierazi dute kanpainarekin batera baliabide kutxa jarriko dutela martxan ekimenaren webgunean. Hala, elkartasun zapien zabalkundea indartzeko eta elkartasun sare zabala ehuntzen jarraitzeko deia egin diete herritarrei.


















