Gerraren negozioaren aurka agertu dira Euskal Herriko emakumeak
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Igande honetan Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan da. Honen harira, Hego Euskal Herriko hiriburuetan emakumeak gerraren negozioaren aurka mobilizatu dira.
Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan egin dute ekintza ‘Ez gure izenean’ lelopean. Emakumeok gerraren aurka plataformaren eskutik, hainbat emakume elkartu dira jantzi eta pankartekin, eta adierazi dute “bizitza ez dela armekin, armadekin edo muga militarizatuekin defendatzen”.
Gasteizko batailaren monumentua inguratu eta adierazi dute Gerraren Aurkako Emakumeek ez dutela nahi monumentu hori hiriaren erakusgarri nagusia izatea, “gerraren izugarrikeria gogorarazteko ez bada”. Hala, salatu dute ere gobernuak gatazkekin negozioa egiten duten “heriotzaren industriako” enpresei diru publikoa eman ahal izateko legeak aldatzen dituela. Horren aurrean argi utzi dute haien jarrera: “Gerrarik ez! Ez gure izenean!”.
Hala, artista feministen A taldeak ere hartu du parte mobilizazioan, eta hainbat performance-ren bidez gerraren negozioa irudikatu dute. Bilbon eta Iruñean ere egin dituzte manifestazioak, eta gerra salatzeaz gain, elkartasuna adierazi diete ere asteburu honetan Loiura iritsi diren Globak Sumud Flotillako kideei. Egoeraren aurrean Ertzaintzak izan duten jarrera ere gaitzetsi egin dute.


















