Hasi dira Osakidetzaren EPE “historikoak”
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Ostiral honetan hasi dira Osakidetzaren EPEak. Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, erakundearen historiako enplegu-eskaintza publiko handiena da. Lehen fasean, 100.000 hautagaitza baino gehiago aurkeztu dira bederatzi kategoriatan, eta guztira 5.425 plaza eskainiko dira 107 kategoriatan.
Azterketak ostiraletik igandera egingo dira eta nabarmendu dutenez, zeladore kategorian bildu da oposiziogile kopururik handiena, 22.839 hautagairekin.
Antolaketari dagokionez, Osakidetzak 900 profesional mobilizatu ditu hautaketa-probak aurrera eramateko. Langile horiek laguntza logistikoa eta informatikoa emango dute, eta probetako kontrol-lanak ere koordinatuko dituzte. Era berean, premia bereziak dituzten pertsonen parte-hartzea bermatzeko, 700 egokitzapen inguru egingo dira, hautagai guztiek baldintza berdinetan lehiatu ahal izan dezaten.
Azaldu dutenez, deialdi hau Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren parte da, enplegua egonkortzea helburu duena. Estrategia horri esker, iaz 11.000 plaza baino gehiago finkatu ziren, eta egiturazko behin-behinekotasuna %11tik behera murriztea lortu zuten.

















