Ipar Euskal Herriko 175 irakasle baxoako azterketak euskaraz zuzentzeko prest agertu dira
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Ipar Euskal Herriko irakasleek agerraldia egin dute Baionan, Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. 175 irakaslek adierazi dute prest daudela ahozko handia eta Leheneko matematikako azterketa euskaraz zuzentzeko. Horren erakusgarri, ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ txapak jantzita agertuko direla iragarri dute.
Duela bi urte ere, irakasle horietako askok ahozko handiko proban txapak erabili zituzten, azterketa euskaraz egin nahi zuten ikasleei aukera bermatzeko. Eskola-emaileen esanetan, ordea, iaz ez zuten irakasle euskaldunik deitu probetara, eta uste dute hori “ez dela kasualitatea”, aldez aurretik hartutako erabakia baizik. Aurten egoera errepikatuko ote den ikustear dagoela gaineratu dute.
Bestalde, gogorarazi dute 2019ra arte matematikako proba euskaraz egiteko aukera bazegoela, eta azterketak normaltasunez zuzentzen zituztela. Horregatik, azpimarratu dute ez dela baliabide kontua azterketak euskaraz zuzentzeko irakasleak badaudelako, eta ez dutela ulertzen duela zazpi urte posible zena zergatik ezin den orain egin. Testuinguru horretan, irakasleek salatu dute “atzerapausoak” ematen ari direla.

















