Skip to main content

Iritsi dira uda Euskal Herrian igaroko duten haur sahararrak

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, uzt. 02 - 16:07

Iritsi dira Oporrak Bakean programaren bidez uda Euskal Herrian igaroko duten haur sahararrak. Asteazken eta ostegun honetan egin diete harrera Loiuko aireportuan, eta bertan elkartu dira datozen bi hilabeteetan hartuko dituzten familia eta elkarteekin.

Aurten 40 urte bete dira Arabara eta Gipuzkoara lehen haur sahararrak iritsi zirenetik. Programaren arduradunek azaldu dutenez, aurtengo leloak lau hamarkada hauetan erakutsitako elkartasuna laburbiltzen du: "50 urtez gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik".

1990eko hamarkadan sendotu zen ekimena, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren haurrei uda baldintza hobeetan igarotzeko aukera eskainiz. Aurten, 200 haur baino gehiagok igaroko dute uda Euskal Herrian, herri, familia eta elkarteen harrerari esker.

Goizaldean iritsi dira Loiura, eta ondoren Sondikako frontoian elkartu dira gosaltzeko. Bertan familia eta elkarteekin egin dute lehen topaketa, eta handik bakoitza harrera egingo dion herrira abiatu da.

Antolatzaileek nabarmendu dute Oporrak Bakean ez dela udako egonaldia soilik, ehunka familia, boluntario, elkarte eta erakunderen arteko elkarlanaren emaitza baizik. Haien hitzetan, ekimena Euskal Herriaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko elkartasunaren adierazgarri nagusietako bat da.

Hala, aurtengo uda atseden, osasun eta ongizaterako aldia izatea opa diete haurrei, eta, aldi berean, elkartasunaren eta justiziarekiko konpromisoaren adierazpena izan dadila.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista