Skip to main content

Jai giroa izan dute Gasteizen, San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko ospakizunetan

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, api. 29 - 14:04

Jai giroa izan dute aste hasiera honetan Gasteizen, San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko ospakizunetan. Astelehen arratsaldean, Antonio Altarrabia idazleak eman zuen pregoia, eta horrekin eman zitzaien hasiera maiatzaren 1era arte luzatuko diren jaiei.

Ospakizun nagusia asteartean izan da, San Prudentzio egunean. Bezperan, hala ere, danborradak girotu zuten arratsaldea, eta pregoiaren ondoren, ohiko erretreta jo zuten udaletxeko balkoitik. Foru Plaza tronpeteroen eta atabalarien doinuekin bete zuten, eta gauean, gastronomia elkarteen danborradak hartu zituen hiriburuko kaleak.

San Prudentzio, bestalde, goizeko zortzikoarekin hasi zuten Probintzia plazan. Hirigunean, egun osoan zehar izan zen nagusi jai giroa, eta txikienek ere parte hartzeko aukera izan zuten, arratsaldeko danborrada txikian.

Hala ere, ospakizun nagusia Armentiako zelaietan izan zen. Bertan, postuen eta txarangen artean, jendetza bildu zen San Prudentzioko basilika inguruan. Goizean prozesioa eta meza egin zituzten, eta arratsaldean, berriz, fanfarrek, herri kirolek eta euskal dantzek girotu zuten eguna.

Era berean, aurtengo Arabako Domina Mikel Sanchez traumatologo eta zirujauari eman diote, Arabako Aldundiaren arabera, izan duen ibilbide profesional “bikainagatik” eta pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko erakutsitako konpromisoagatik.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista