Skip to main content

Maialen Mazonen bikotekide ohia errudun deklaratu dute

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 21 - 12:05

Maialen Mazonen bikotekide ohia, Jaime Roca, errudun deklaratu du Arabako Probintzia Auzitegiak, eta 27 urteko espetxe zigorra ezarri dio. Epaiaren ebazpena asteazkenean jakinarazi dute, eta akusatuari maltzurkeriaz egindako hilketa, bi abortu delitu eta adingabe baten abandonua leporatu diote.

Hiru urte igaro dira Rocak Mazon hil zuenetik, Gasteizko hotel batean izandako eztabaida baten ondoren. Emakumea haurdun zegoen, bikiak espero zituen eta akusatuarekin bi urteko alaba zuen. Epaimahaiaren arabera, emakumeak ezin izan zuen bere burua defendatu.

Horrenbestez, hilketagatik eta espero zituen bikien abortuagatik 25 urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta bi urteko alabari amaren gorpuarekin bakarrik uzteagatik, beste bi urteko zigorra gehitu diote.

Epaimahaiak maltzurkeria eta ahaidetasuna jo ditu larrigarritzat, baina ankerkeria eta genero indarkeria baztertu egin ditu. Azken hori ez aplikatzeko arrazoia, epaimahaiaren esanetan, “arrazoizko zalantzak” daudela izan da, eta ez dutela froga nahikorik ikusi hilketa kontrol beharragatik egin zela ondorioztatzeko. Virginia Urtaran familiaren abokatuak gaitzetsi egin du erabaki hori, bikotearen harremanean aspaldiko indarkeria zegoela “behar bezala” frogatu zutela adierazi baitu.

Ebazpenari dagokionez, 27 urteko espetxe zigorraz gain, akusatuak 400.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio alabari, eta 200.000 eurokoa Mazonen aitari; haiengana hurbiltzeko debekua ere ezarri diote. Dena den, epaiaren aurkako helegitea aurkeztu daiteke, eta familiaren abokatua aukera hori aztertzen ari da. Kasu horretan, EAEko Auzitegi Nagusiak izango luke azken hitza.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista