Skip to main content

Metrokoadroka kolektiboa da AEK-Korrikaren III. Kultur Sorkuntza bekaren irabazlea

Gizartea

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 27 - 16:05
Metrokoadroka kolektiboak irabazi du AEK-Korrikaren III. Kultur Sorkuntzaren beka. Tafallako kulturgunean egin dute sari banaketa eta Idoia Beratarbide eta Oier Guillan taldeko ordezkariek jaso dute aintzatespena, Ane Elordi Korrikako arduradunaren eskutik.
Elordik azaldu duenez, Kultur Sorkuntza Bekaren bidez AEK-k hiru helburu betetzen ditu: Batetik, Korrikari esker ateratzen diren etekinen zati bat “gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea”; bestetik, kulturgintzan dabiltzan euskal herritarrak “eroso” aritzeko espazioak “sortzea, garatzea eta elkarlotzea”; eta azkenik, “euskal sortzaileei gune horiek eskainita, euskal kultur sorkuntzan eragile izatea”.
Beratarbide eta Guillan sortzaileen hitzetan, ‘Laster eroriko da’ izena eramango duen obra hau “komedia basatia” izango da eta publikoa kantaraziko du. Antzezlanaren abiapuntuan, bi gazte eta beren aitona egongo dira jangela batean. Aitonaren 99. urtebetetze bazkaria prestatzeaz gain, bazkalosteko kantaldirako errepertorioa prestatu beharko dute, baina gazteek ez dakite ez sukaldean aritzen, ezta euskal kanta klasikoen hitzik ere. Obraren izenburuak erreferentzia egiten die ‘Agure Zaharra’ kantu ezagunari eta aurreko belaunaldien askatasun-ametsei. Sortzaileek adierazi dute ere obraren asmoa “esperientzia parte-hartzailea” izatea dela, hau da, publikoa “obraren parte aktiboa” izango da.
Azkenik, azaldu dute ‘Laster eroriko da’ 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean antzeztuko dela Euskal Herriko hainbat eszenatokietan, Korrika Kulturalaren barruan.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista