Skip to main content

Sindikatuek Jaurlaritzari lehortean arduragabekeria leporatu diote

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin

2026, abu. 21 - 14:08

Sindikatuak kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak Bazka Mahaiaren hurrengo bilera irailera atzeratu izana. UAGA, ENBA eta EHNE sindikatuen ustez, deialdia berandu dator, eta «arduragabekeria» da lehorteak abeltzaintzan eragiten duen egoeraren aurrean neurriak atzeratzea.

Sindikatuen arabera, abereek bazka falta handia dute, eta egoera «oso larria» da. Horregatik, bilera lehenbailehen egitea eta berehalako neurriak hartzea eskatu dute. Besteak beste, EAEko hiru lurraldeak lehorte eremutzat izendatzea, ura behar handiena duten tokietara bideratzea eta aziendak auzo mendietan bazkatzea ahalbidetzeko neurriak hartzea proposatu dute.

Bien bitartean, Jaurlaritzak abeltzaintzako ustiategien bazka beharrak aztertzeko inkesta amaitu du. Guztira, 435 ustiategik erantzun dute, eta bakoitzak behar duen bazka mota eta kopurua zehaztu ditu.

Amaia Barredo sailburuak azaldu duenez, informazio hori erabiliko dute erosketa bateratuak egiteko. Kooperatiba eta hornitzaileekin negoziatuz, abeltzainentzat prezio eta baldintza hobeak lortu nahi dituzte, tokiko ekoizpena lehenetsita.
Jaurlaritzak irailaren lehen astean egin nahi du Bazka Mahaiaren hurrengo bilera.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista