Skip to main content

Torturaren biktima berriak aitortu dituzte Nafarroan

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, api. 29 - 13:04

Aste honetan Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu, Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakitera emandakoaren arabera. Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak hartutako erabakia “positiboki” baloratu dute bi eragile hauek osatzen duten Egiaren Garaia Da dinamikatik. Eman den urrats hau “estatu-indarkeriak lurralde honetan izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko” garrantzitsua dela azaldu dute dinamikatik.

 
Jorge Chocarro, Karmelo Irujo, Santiago Hermida, Javier López de Uralde, Alberto Pio, C. Barbarin eta Julian Nazar dira errekonozitu berri dituzten zazpiak. 1974 eta 2002 urteen artean Brigada Politiko Sozialaren, Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren eskuetan torturak jasandakoak dira.

Hala ere, Egiari Zorrek eta Nafarroako Torturatuen Sareak oroitarazi dute “Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela”. Orain arte 129 pertsona aitortu dituzte indarkeria politikoaren biktima 16/2019 Foru Legearen esparruan eta hori hizpide izanik, lurralde honetan estatuaren indarkeria politikoa jasandako “pertsona guztiak” animatu nahi izan dituzte beste behin ere eskaerak egin ditzaten.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista