Skip to main content

Durangoko Azokak ateak irekiko dizkio "anitza eta gaztea" izango den 58. edizio bati

Kultura

Atzera kontaketa martxan da, Durangoko Azokak ateak zabalduko dizkio abenduaren 6tik 10era 58.edizioari. Antolatzaileek sormenaren eztanda eta euskal kulturaren bilgunea izango dela adierazi dute egindako aurkezpenean.
Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bi ezaugarri garrantzitsu nabarmendu ditu Gaztelurrutiak: "anitza eta gaztea" izango dela azpimarratuz. Gazteak egindako sorkuntza eta pentsatutako jarduerengatik berebiziko prezentzia izango dute hainbat ekitalditan. Hain zuzen abenduaren 8a haiei eskeiniko zaie Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.
Landako barruan, liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango dira. Horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira; liburuak, aldizkariak, diskoak eta hainbat ekoizpen berri besteak beste.