Skip to main content

Hamaika ekimen Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko

Kultura

Maiatzaren 6an 100 urte beteko dira Euskal Herriko artistarik eragingarri eta polifazetikoenetako bat jaio zela. Bere ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna gogorarazteko hamaika ekitaldi burutuko dira urtean zehar. Egitaraua otsailean hasiko da, Bilboko Arte Ederren Museoan inauguratuko den ‘Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura’ erakusketarekin. Bilbon ez ezik, Gasteizko Artium museoan ere artistaren artxiboa ikusgai egongo da maiatzetik aurrera. Iruñean Punto de Vista dokumental jaialdiak eta Jorge Oteiza Museoak ikus-entzunezkoen programa eskainiko dute martxoan. Eta Donostiako Tabakalerak artistaren filmografia osoa proiektatuko du udazkenean. Eusko Legebiltzarrean ere ikusgai egongo dira Basterretxeak parlamentuaren armarri izateko sortutako eskultura eta Gernikako arbolari egindako omenaldia.