Skip to main content

Leioako Udalak Umore Azokaren XXIV. edizio berria aurkeztu du

Kultura

Leioako Udalak prestakuntza guztiak bukatu ditu. Dena prest dago lau egunetan zehar antzerkiz, dantzaz eta zirkuaz gozatzeko Umore Azokaren edizio berri batean. Aurten XXIV. edizioa ospatuko duen Azokak kaleko artisten 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Horrela aurkeztu da gaur goizean Errekalde Plazan izan den prentsaurrekoan. Bertan izan dira Leioako Alkatea Iban Rodriguez Etxebarria; Leioako Udalaren kultura zinegotzia Estibaliz Bilbao; Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultura Sailburuordea, Andoni Iturbe; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura-Ekintza arloko ordezkaria, Koldo Narbaiza. Aurkezpena Hortzmuga Teatroa konpainiak egindako erakustaldiarekin hasi da.

Umore Azoka 2024k hainbat diziplina eszeniko eta ikuskizun eskaintza zabala izango ditu. Aurtengo ediziorako, 41 konpainiaren emanaldiez gozatu ahal izango da: Euskal Herriko 18, estatuko beste 18 eta nazioarteko 5. Leioako alkatea den Iban Redriguez-Etxebarriak adierazi duenez: “Aurten ere, programazioa kalitateagatik nabarmentzen da, baita komunikatzeko, transmititzeko eta kalea eraldatzeko modu eta estilo berriak biltzeko duen ahalmenagatik. Edizio honetan ikusiko diren ekitaldiak aurten proposatutakoak direla kontuan izan behar da, beraz, kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenen emanaldi berriak ikusteko aukera izango dugu”.