Huhezinema Film Laburren jaialdiaren 18. edizioa sari banaketarekin amaitu da
Kultura
Amaitu da dagoeneko Huhezinema film laburrren jaialdiaren 18. edizioa. Aretxabaletako Arkupe aretoan izan da sari banaketa ekitaldia Ana Goitia aurkezlearen eskutik.
Ekitaldian Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko, Aretxabaletako Udaleko, Ausolaneko, Mundukideko, Danobat Groupeko eta HAZIko ordezkariak egon dira, besteak beste. Mondragon Unibertsitateko Ikus Entzuneko ikasleek antolatutako zinemagintza jaialdian proiektatutako film laburrak hiru sailetan aurkeztu dira; Sail Ofiziala, Bideoklip Saila eta Ikasleen Saila. Sail bakoitzari dagokion sariaz gain, ikusleen saria banatu da sail bakoitzean eta zenbait sari berezi ere banatu dira.
Sail ofizialeko Huhezinema saria ‘Utländsk’ lanak irabazi du, Alba Lozano zuzendariaren proiektuak. Sail honen ikusleen saria Diego Fandosek eraman du ‘29 de Febrero’ laburrarekin. Bideoklip onenaren saria Maria Muriedasek zuzendutako Verde Prato-ren ‘Niña Soñando’ lanak irabazi du. Ikusleek, ordea, The Claytonen ‘Euripean’ saritu dute; Asier Elgezuak eta Mikel Cubillok egindako bideoklipa, hain zuzen. Ikasleek zuzendutako lanen irabazlea Aitor Abiok zuzendutako ‘Patrimonio’ izan da. Sail bereko MU saria Markel Azpeitiaren ‘Erlojuaren Orratzak’ laburrak irabazi du eta ikusleen saria Nahia Cisnerosek eraman du ‘Lotura Debekatuak’ lanarekin. Bukatzeko, Jone Arriolaren ‘Hor Konpon’ lana izan da Berria Sari bereziaren irabazlea.
Jaialdi amaierako ekitaldiarekin agurtu dute Huhezinema Film laburren jaialdiaren 18. edizioa. Beste urte batez euskal zinemagintza sustatuz, sortzaileen lan berriak eta sortzaile berrien lanak ikusleari helaraziz.