Skip to main content

Arabako Mendiak Aske elkarteak Labrazako parke eolikoaren obrak “berehala” eteteko eskatu du

Politika

Maite de Felipe eta Mikel Lopez

2026, Maiatza 28 - 14:05

Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du Labrazako parke eolikoaren obrak baimenik gabe eta kontserbazio bereziko eremu batean egiten ari direla. Aixeindar enpresa da proiektuaren jabea eta elkarte ekologistaren arabera ingurumen araudia “behin eta berriz” urratu dute; hain zuzen, obrek arriskua sortu dute miru gorria eta bisoi europarra bezalako espezieentzat. Aixeindar enpresa Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatzen dute.

Horiek horrela, Arabako Foru Aldundiari bi espediente zigortzaile irekitzeko eskatu diote: batetik, kontserbazio bereziko eremuan obrak egiteagatik eta, bestetik, Labrazako mendi publikoan bideak eraiki eta zabaltzeagatik, jabeen baimenik gabe. Eusko Jaurlaritzaren aurka ere egin du elkarteak; izan ere, adierazi dutenez, proiektua “presaka eta gardentasun faltarekin” bultzatu dute. Beraz, Arabako Mendiak Askek obrak “berehala” eteteko eskatu du.

Labrazako parke eolikoak 59 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2006tik martxan jarriko den lehen parke eolikoa izango da.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista