Ernaik faxismoaren aurka borrokatzeko deia egin du Bizkaiko Gazte Egunean
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Ernaik faxismoaren aurka borrokatzeko deia egin du Bizkaiko Gazte Egunean. Ehunka gazte batu dira astearte honetan Bilbon, jai giroan, gazte antolakundeak udan zehar abiatu duen kanpainaren baitan. Bertan, irailaren 13an Donostian egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.
Ernairen arabera, kapitalismoaren “eredu zaharra” agortzen ari da, beste planteamendu “berri eta bortitzago” bati bidea irekitzen dion bitartean. Testuinguru horretan, ideia erreakzionarioak indartzen ari direla salatu dute, ideologia faxistei gizarterako sarbidea errazten.
Egoera horren aurrean, Euskal Herriak egungo erronkei herri gisa erantzuteko eta etorkizuna nahiz biziraupena bermatzeko behar adina tresna ez dituela adierazi dute. Era berean, gaur egungo prekarietateak “ezinegona” eta “sistemarekiko desatxikimendua” eragiten dituela nabarmendu dute, eta horrek “potentzial eraldatzailea” sortzen duela.
Horregatik, faxismoaren kontra batzearen beharra azpimarratu dute, Euskal Herrian hamarkada luzez egindako lanari eta borrokari jarraipena emateko. Helburu horrekin, eta “faxismoaren aurkako euste-horma indartsua” sortzeko, irailaren 13an Donostian egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.

















