Errenteriako LEParen helegitea “sabotaje euskarafoboa” dela ondorioztatu du ‘Argia’-k
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
‘Argia’ hedabideak egindako ikerketak azalera atera ditu Errenteriako LEParen aferaren nondik-norakoak. Dirudienez, “sabotaje” antolatua izan da.
Asteartean argitaratutako ikerketaren arabera, María Isabel Veirasek, helegitea aurkeztu zuen pertsonak, plaza finkoa du Osakidetzan, eta berak aitortu bezala, inpugnatu badu, “ez da interesa duelako”. Hala ere, hizkuntza eskakizunen aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta horren ondorioz, pasa den astean azalerazi zen bezala, Errenteriako Udalak 25 plazako LEPa bertan behera utzi zuen.
‘Argia’-ren arabera, aferaren atzean ‘Unidas por la Libertad Lingüística’ taldea dago, nahiz eta hedabideak azpimarratu duen ez dela “arduradun nagusia”. Horrez gain, Euskara Denontzat elkarteak helegiteak aurkezteko abokatuaren ordainketa egin zuela eta CCOO sindikatuak kasuaren “ezagutza” zuela erakusten duten frogak ere eskuratu ditu. Ikerketak, gainera, Sabin Zubiri CCOOeko erreferente nagusi eta Euskara Denontzat elkarteko presidentearen inplikazioa ere aipatzen du. Hala ere, hedabideak azaldu duenez, Zubiriri honi buruz galdetzean, ziurtatu du ez duela “inongo parte hartzerik elkartean” eta hori dena “guztiz gezurra” dela.
LEParen aurkako helegitea jazo zela argitaratu zutenean, LAB sindikatuak oharra plazaratu zuen, salatuz Errenteriako Lan Eskaintza Publikoan interesik ez duen langile bat egoeraz baliatu zela helegitea aurkezteko. ‘Argia’-k egindako ikerketak, orain, adierazpena berretsi du. Izan ere, hedabideak eskuratutako WhatsAppeko mezuetan ikus daitekeenez, taldean “izena eman eta helegitea jarriko duen norbait” bilatzen ari ziren, eta azpimarratzen zuten “ez zela beharrezkoa” azterketara joatea ere.
Kasuaren aurrean, Euskal Sozialistak Errenteriako udalaren erabakia krititatu du, “auzitegien ohartarazpen juridikoei eta epaiei jaramonik egin gabe hizkuntza eskakizunak ezartzea”, “arduragabekeria” izan dela salatuz. EAJk euskararekiko konpromisoa berretsi du adieraziz “Euskaraz normaltasunez artatzeko gai ez den administrazioak” ez lukela “herritarrekiko duen betebeharra beteko”. EH Bilduk, gainera, salatu du LEParen afera “euskararen kontrako praktika antidemokratiko eta pseudomafiosoa” izan dela.

















