Skip to main content

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du aztertuko EAEko hizkuntza eskakizunen auzia

Politika

Udane Arbeo Astigarraga

2026, uzt. 09 - 14:07

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du tramiterako onartu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurkeztutako konstituzio-kontrakotasun auzia. Horren bidez, auzitegiak argitu nahi zuen ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeko 187.5 artikulua Konstituzioarekin bateragarria den. Artikulu horrek ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako lanpostu guztiek hizkuntza eskakizun bat esleituta izan behar dutela, lanpostuaren ezaugarrien eta komunikazio beharrei egokituta.

Orain, baina, Konstituzionalak ez du auzia aztertuko, dirudienez ez duelako ikusi Espainiako Konstituzioaren aurkakoa denik. Horren ondorioz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berak eman beharko du behin betiko epaia hizkuntza eskakizunen inguruko auzian. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren ustez, Konstituzio Auzitegiaren erabakiak administrazio publikoetako hizkuntza ereduaren oinarriak babesten ditu.

EAJk ere albiste ontzat jo du, eta euskararen normalizazioaren aldeko marko juridikoa indartzen duela adierazi du. EH Bilduk, berriz, erabakia oso positibotzat jo du, baina ohartarazi du euskararen aurkako oldarraldi judiziala ez dela amaitu. PSE-EEk, ostera, normaltasunez ikusi du Konstituzio Auzitegiaren jarrera, izan ere, sozialisten esanetan, eztabaida ez dago artikulu horretan, hizkuntza eskakizunak aplikatzeko irizpideetan baizik.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista