Skip to main content

Espainiako Gobernuak biktima izaera aitortu dio Josu Zabalari

Politika

Maite de Felipe Suso

2026, uzt. 09 - 12:07

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia 1976ko irailaren 8an Hondarribian Guardia Zibilak hil zuen Josu Zabala Erasunen kasua lantzen ari da, eta bidean izandako aurrerapen eta zailtasunen berri eman du. Alde batetik, txalotu du Espainiako Gobernuak “Aitorpen eta erreparazio pertsonalaren adierazpena” egin izana. Behatokiak azaldu duenez, horrek adierazten du “arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena” jasan zuela, eta “bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eskubidea” duela.

Era berean, Behatokiak jakinarazi du borondatezko jurisdikzioko prozedura judiziala izapidatzea onartu duela Irungo Auzialdiko Auzitegiak. Horri esker, gertakarien ziurtagiri judiziala lortuko da.

Hala ere, behatokiak salatu du Ferroleko Artxibo Militarretatik jasotako dokumentazioa zentsuratuta dagoela oraindik hilketatik ia 50 urte igaro diren arren. Behatokiaren arabera, Josu Zabala Erasunen hilketaren lekuko baten datuak zentsuratuta daude artxibo horietan, eta atxilo hartu zuten egunetan jasandako torturen testigantzak jasotzen dira. Horiek horrela, elkarteak Irungo epaileari eskatuko dio galdegin diezaiola espediente osoa Ferroleko Artxiboari.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista