Greba zikloa deitu dute ELA eta LABek EAEko udal langileen artean
Politika
Uxue Garro eta Gaizka Leitza
Grebarako deialdia egin dute ELA eta LABek datozen asteetarako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileen sektorean. Beharginon lan baldintzak hobetzeko eratutako negoziazio mahai “gehienak” martxan ez daudela salatu dute eta elkarrizketa eta akordioak “hemen eta orain” adosteko beharra azpimarratu dute, Espainiako estatuko erakundeetan hartutako neurriek “prekarizazioari eta pribatitzazioari bidea” irekitzen baitiote. Hori dela eta, hainbat protesta antolatu dituzte: Apirilaren 17an kontzentrazio bateratuak egingo dituzte; apirilaren 23an, berriz, bi orduko lanuzteak EAEko udaletan, goizeko 11ak eta eguerdiko ordubatak bitarte; eta maiatzaren 14 eta ekainaren 4rako egun osoko grebak deitu dituzte.
Udal langileen lan baldintzak “okertzen ari dira urtez urte”, ELA eta LABek plazaratutakoaren arabera; izan ere, badira 16 urte berritu ez dituztenak. Udalhitzeko negoziazio mahaia aipatu dute, duela urte eta erditik martxan dagoena; bertan, Eudelek “eduki eskasak” eta “konkreziorik gabekoak” proposatu izana deitoratu dute. Bestalde, hitzarmen horretatik kanpo dauden udaletxeei dagokienez, hiriburu eta udalerri handiak kasu, “gauza bera gertatzen ari dela” baieztatu dute sindikatuok.

















