Skip to main content

Herri mugimenduko 50 eragilek bat egin dute Gasteizen faxismo eta gehiegikeria polizialak salatzeko

Politika

Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, Maiatza 26 - 13:05

Agerraldia egin dute Gasteizen 50 eragilek duela bi aste Errekaleor Auzo Askean gertatutakoa salatzeko. Hain zuzen ere, URSSA fabrikan bizi diren gazte batzuk Errekaleorrera hurbildu ziren etxebizitza batean sartzeko asmoz. Auzora gerturatutako pertsonek poliziak bertara bidali zituela aditzera eman zuten. Bien bitartean, Ertzaintzaren dispositibo handi batek auzoa hartu, eta hainbat lagun identifikatu zituen. Gainera, hainbat gazte zauritu zituzten; bati buru-hezurra eta besoa apurtu zizkioten, eta joan den asteartera arte ospitalean egon da, ebakuntza egin behar izan baitiote. Kide horrek, adierazi dutenez, oraindik, galduta dauka begi bateko ikusmena.

Era berean, agerraldian Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren jarrera salatu dute, euren hitzetan “diskurtso faxista eta arrazista elikatu besterik ez baitute egin, haien erantzukizun politikoren arduradun ez diren bitartean”. Argi exijitu dute Ertzaintzaren barne ikerketa burutzeko, gertatutakoaren atzean egondako ardurak argitzeko eta neurriak hartzeko.

Bestalde, jakinarazi dute askotariko eragileak atxiki direla deialdira, eta bakoitzak bere eremuan borrokan jarraitzen duen bitartean, haien arteko harremanak trinkotuko dituztela. Ildo horretan, Euskal Herrian gailentzen ari den diskurtso, ideologia eta praktika faxistak bertan behera uzteko unea dela aldarrikatu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista