Hidrogenoa bilatuko dute Aralarren, Lokizen, Andian eta inguruko beste mendi batzuetan
Politika
Maite de Felipe eta Gaizka Leitza
Mantle8 enpresak baimena lortu du Euskal Herrian hidrogenoa eta helioa bilatzeko. Hain zuzen ere, 1.680 kilometro koadrotan bilatzeko baimena jaso du, gehienak Nafarroan, baina baita Arabako eta Gipuzkoako ekialdeko bi muturretan ere.
Azaldu dutenez, Frantziako prospekzio-enpresa honek ekainaren 5ean jaso zuen Espainiako Trantsizio Energetiko Ministerioaren baimena. Aldiz, berria abuztuaren 13an ezagutarazi zen, eta ordurako Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia zuen. Gauzak horrela, Lontzo Zubillaga Beteluko alkateak komunikabideetan irakurrita jakin zuela adierazi du haserre eta azpimarratu du inor ez dela haiekin harremanetan jarri.
Kezka nabaria da Aralar inguruko herrietan eta horiei erantzuna emanez, Mantle8 enpresak webgunean adierazi du “helburua Nafarroako eta Euskal Herriko komunitateei, udalei eta bazkide instituzionalei informazio argia, objektiboa eta proaktiboa ematea dela”. Era berean, uda amaitu ostean udalekin eta herri lurren kudeatzaileekin aurrez aurreko bilerak egiteko asmoa dutela jakinarazi dute.
Bestalde, enpresak nabarmendu du eurek soilik hidrogenoa eta helioa ba ote dauden bilatu dezaketela, hau da, soilik “ikerketa zientifikoa” egin dezaketela, baina ezin dutela lurra zulatu, gasa erauzi edo azpiegitura iraunkorrik eraiki.

















