Skip to main content

Martxoak 3ko sarraskiaren eliza memoria leku izendatu dute

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, ots. 23 - 11:02

Martxoak 3ko sarraskia gertatu zen Gasteizko Asisko San Frantzisko eliza memoria leku izendatu dute. Erabakia astelehen honetan argitaratu dute Espainiako Aldizkari Ofizialean, sarraskiaren 50. urteurrena bete baino aste bat lehenago. Prozedura 2025ean abiatu zuten; 49. urteurrenarekin batera, izendapenaren tramitazioa hasia zela jakitera eman zutenean. Orain, sarraskitik mende erdi igaro denean, akordioa ofizial egin dute.
1976an, greba orokorraren testuinguruan, milaka langile bildu ziren elizan asanblada batean parte hartzeko. Espainiako poliziak bertan esku hartu, eta oldarraldi bortitza egin zuen; dozenaka lagun zauritu eta bost hil zituzten.
Espainiako Aldizkari Ofizialean jasotzen denez, aitortza “elizak duen balio sinbolikoagatik eta herritarren iruditeria kolektiboan hartu duen garrantziagatik” egin dute. Testuak azpimarratzen du “diktaduraren zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren ikur” bihurtu zela, baita “egun hartako gertakari latzen erreferente nagusi” ere. Era berean, gogorarazten dute “tenplua Gasteizko langileen ordezkariak elkartzeko eta harremanak sendotzeko topagune” izan zela, “askatasun politiko eta sindikalik ez zegoen garaian, bilera eta elkarte eskubide oinarrizkoenak ere ukatuak zituztenean”.
Gaur egun ere gertakarien oroimena bizirik dirau Gasteizko herritarren eta eragileen artean. Datorren asteartean, 50. urteurrena dela eta, Martxoak 3 elkarteak hainbat ekitaldi prestatu ditu, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuekin elkarlanean, poliziaren oldarraldian hildako bost langileak gogoratu eta omentzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista