Markel Arriolabengoa, baso ingeniaria: "Asko ikasi dugu zuhaitzez eta arbolez, baita horrelako lana egiteko eraz ere"
Elkarrizketa
Markel Arriolabengoa baso ingeniaria eta Tantai Baso Jabe Kooperatibako kidea izan da Hamaikako platoan. 'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburua argitaratu berri du Jakoba Errekondorekin eta Iñaki Etxebesterekin batera. Hori hizpide, liburuaren nondik norakoez eta Euskal Herriko baso ekosistema eta zaintza modeloez ere aritu da hizketan.
Hiru egilez osaturiko proiektua egikaritzea "oso aberasgarria" izan dela azpimarratu du Arriolabengoak. Bakoitza alor batean aditu izanik, ezagutza elkarbanatzeko aukera ere izan dute. Hala, Errekondok erabilera eta kulturaren ikuspuntutik egin du ekarpena, Etxebestek gaixotasun eta izurriteei dagokienez, esaterako, eta Arriolabengoak berak kudeaketa, ekologia edota botanika islatu ditu. "Asko ikasi dugu zuhaitzez eta arbolez" liburua egin bitartean, adierazi du baso ingeniariak, "baita horrelako lana egiteko eraz ere".


















