Skip to main content

Iñigo Aduriz, kazetaria: “Oraindik arantza asko daude ixteko alderdi subiranisten eta PSOEren artean”

Gure begiz

2023, ira. 28 - 14:09

Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioak aztertu ditugu Iñigo Aduriz kazetariarekin. Bere esanetan, bi bloke argi ikusi dira egunotan, eta nabarmendu du badirudiela “ez dela mugimendu askorik egongo PPren barnean, nahiz eta biharko bozketan konfirmatuko den Feijoren inbestiduraren porrot hori”.
Adurizek nabarmendu du euskal talde abertzaleek argi dutela ezin zaiola eskuineko bloke horri gobernatzen utzi, “batez ere, bloke horrek eta VOXek planteatzen dituzten ideien artean alderdi hauen ilegalizazioa dagoelako”. Bestalde, Adurizek adierazi du Sumar alderdiaren eraketa “nahi baino azkarragoa” izan zela, eta “akats” batzuk izan direla Sumar barruan daden alderdien arteko “oreka” mantentzeko. Zentzu horretan, dio Podemosek “bere ahotsa defendatuko” duela hurrengo hilabeteetan, eta “Podemosen jarrera baldintzatuko duela PSOEren eta SUMARen arteko balizko gobernu horren osaketak eta beren politikek”.
Pedro Sanchezen inbestidura saioa noiz izango den ez dago argi. Zenbait ahotsek urriaren 16ko data aipatu badute ere, Adurizek azpimarratu du “goiztiartzat” jo dutela alderdi sozialistako kideek: “Agian urriko azken asterako izango da, edo azaroko lehenengorako. Bazirudien nahiko itxita zegoela alderdi subiranistekin lortuko zen akordio hori, baina oraindik arantza asko daude ixteko, eta batez ere, amnistiaren eta autodeterminazio eskubideari buruzko akordio itxirik ez dago”.

Hamaika Telebista