Julen Hernandez: "Alardearen gaia mahai gainean jartzea da 'Aurrera egin badugu' dokumentalaren helburua"
Gure begiz
Bihar estreinatuko da 'Aurrera egin badugu' dokumentala, eta Julen Hernandez dokumentalaren zuzendaria, eta Arantxa Urretabizkaia bertan parte hartu duenetako bat izan ditugu Gurean Gaur saioan.
Arantxa Urretabizkaiak azpimarratu du Alardearena Euskal Herri osoan berdintasunaren alde egon den borrokarik "luzeena" dela. Horregatik, gai hori mahai gainean jartzeko helburuarekin egin dute dokumentala, Hernandezek dioenez. Urretabizkaiak dio bide "luzea" egin dutela herrian, baina oro har, giroak "hobera" egin duela, "berdintasunerantz".
Dokumentala bihar aurkeztuko da Hondarribian, beste hainbat aurkezpen ere egingo dituztela iragarri dute: martxoaren 9an, Donostiako Principe aretoan eta martxoaren 11n, Gasteizko Vital fundazioan. Asmoa aurkezpenak Bilbon eta Madrilen errepikatzea izango litzateke, eta horren ondotik, emanaldiak Euskal Herriko hainbat aretotan egitea.

















