Skip to main content

"Nekazarien lan baldintzak oso prekarioak dira"

Sakonean

Nafarroako baratzeez, eta bereziki, Erriberako lan baldintzez hitz egin dugu Ramon Lacalzada eta Irati Bañuelos LAB eta ELAko kideekin. Bañuelosek azaldu du bi langile mota bereizten dituztela gehienbat; horietako lehenak landa zuzenean ustiatzen duten pertsonak dira. Azaldu du horiei agropecuario hitzarmena aplikatzen zaiela, eta hitzarmen hori Nafarroakoa dela. Bañuelosek azaldu du ELAk ez duela sinatu, uste dutelako "askoz hobea" izan daitekeela, eta negoziatzen ari direla berriro. Nabarmendu du lan baldintzak "nahiko prekarioak" direla, eta gehitu du kanpainetan lan egiten dutenez, horrek ezegonkortasun handia sortzen diela: "Fijo-discontinuo kontratu motak aplikatzen dira. Horrek esan nahi du pare bat hilabetez egiten dutela lan, eta gainontzeko hilabete guztiak langabezira doaz. Lana eta bizitza uztartzea oso konplikatua da".

Bigarren langile multzoa kontserbetan lan egiten dutenak dira, eta ELA sindikatuko eledunak adierazi du horiei hitzarmen estatalak aplikatzen zaizkiela. Salatu du langile horien soldatak ere ez direla onak, eta nabarmendu du estatuko hitzarmenek langileen baldintzak okertzen dituztela. 

Lacalzadaren esanetan, langileak antolatu eta borrokarako prest agertu direnean hobekuntzak nabaritu dira, eta nabarmendu du beraiek ordezkaritza daukaten tokietan "gehiegizko lanaldiak" amaitu eta kategoriak aitortu dituztela, besteak beste. Salatu du kontratazioetan iruzurra nahiko ohikoa izaten dela, eta garrantzitsutzat jo du administrazioen esku hartzea: "Lan ikuskaritza ez da iristen, ez daukatelako jenderik edo borondaterik". Nabarmendu du leku horietan oso ohikoak direla arrazismoa eta xeonofobia ere, eta migratzaileen lan baldintzak are okerragoak direla salatu du.

Hori horrela, nabarmendu du LABek hiru aldarrikapen nagusi dituela: lanaldia murriztu eta kontrolatzea, enplegua egokortzea, eta finko etenen kasuan, kanpainako etenaldietan soldata edo langabezia kobratzen dutela bermatzea. Gehitu du langileen gehiengoaren jatorria aintzat hartu behar dela, eta "zor koloniala" aitortu eta ordaindu behar dela dio, bainta estres termikoaren kontrako neurri zehatzak, eta garraio asegurua ere.

Ikusi Geltokia saioa nahieran.