Skip to main content

AHTko langileek "esklabotza baldintzak", arrazakeria eta segurtasun falta salatu dituzte

Ekonomia

2025, urt. 24 - 11:01

AHT Geldituk Nafarroako korridoreko obretako esklabotza baldintzak salatu ditu. Lanaldi amaigabeak, arrazakeria eta laneko segurtasun falta salatu dituzte langileek.

Azken hilabeteetan zehar AHT Gelditu Nafarroak Monteplanoko tunelean (Tafalla inguruan) AHTaren obretako hainbat langileren testigantzak ezagutzeko aukera izan du. Dirudienez, tunel horretako langileen lan baldintzak errepikatu egiten dira Euskal Herri osoko AHTaren obretako gainerako tuneletan.

Langileen testigantzak oso deigarriak izan dira: lanaldi nekagarriak (12 ordu edo gehiagokoak; 18ra ere heltzen dira), lan ordutegia ez kontrolatzea, erabateko segurtasun falta ezbehar handiko lan batean, droga kontsumoa jardunari eusteko (kontsumo hori enpresek sustatzen dute), ez dago langilearentzat ekipamendu egokirik eta istripuren bat balego langileek beraiek artatu behar dute euren burua eta kudeatu mediku kontuak. Erabat osasungaitzak diren lan baldintzak dituztela salatu dute; debekatuta egon arren, diesel makinekin egiten dute lan. Lan ikuskapenak aldez aurretik jakinarazten zaizkie enpresei; hala, iragarritako egunean neurriak har ditzaten. Enpresa abusuak ere salatu dituzte, eskubideak eskatzen dituzten edo sindikalismoa sustatzen duten langileak berehala kanporatuak izaten dira; azpikontrataren araberako lan desberdintasunak oso handiak direla gaineratu dute. 

Arrazakerian eta homofobian oinarritutako tratu iraingarria jasaten dituzte langile batzuek, mespretxuak, umiliazioak, irainak eta mehatxuak etengabeak izaten dira. Nominak faltsutzen dituztela ere salatu dute.  Horrez gain, zuntzaren erdia erabiltzen da tunelaren estaldurako hormigoiaren nahasketan, beraz tunelaren segurtasuna zalantzan geratzen da. 

Errealitate horren aurrean, hainbat eragilek AHTaren eraikuntzan gertatzen diren lan baldintzak salatu dituzte, langileen baldintzak eta osasuna etengabe arriskuan jartzen ari direlako. Gogorarazi dute dagoeneko hamabi lan heriotza izan direla AHTaren obretan Euskal Herri osoan.

Hamaika Telebista