Bost greba egun gehiago egingo dituzte hezkuntza publikoan, martxoan eta apirilean
Ekonomia
Hezkuntza publikoko irakasle, sukalde eta garbiketako kolektiboek bost greba egun iragarri dituzte martxoan eta apirilean. Greba egun hauetan denak batera mobilizatuko dira, aurrekoetan ez bezala. Zehazki, martxoaren 25, 26 eta 27 eta apirilaren 1 eta 2an deitu dituzte lanuzteak.
LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba egun hauen bitartez Hezkuntza Sailak euren aldarrikapenak kontuan hartzea nahi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Publikoko kolektiboek hainbat mobilizazio egin dituzte urtea hasi zenetik hona. Horietan guztietan lan baldintzak hobetzea eskatu diote Hezkuntza Sailari eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe luzatzea egotzi diote. Sindikatuen arabera, egindako greba guztiek jarraipen zabala izan dute, izan ere, azaldutakoaren arabera Jaurlaritza bi mahai deitzera behartu dute. Hala ere, langileen eskaerei erantzungo dioten balizko proposamenetatik urrun dagoela jakinarazi dute. Sindikatuek batutako datuen arabera, grebara deitutakoen %75ak babestu zuen. Alabaina, salatu dute, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak zirela eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zitzaiela eta horren ondorioz, greba baldintzatuta egon zela.
LAB sindikatuak behingoz egiazko negoziazio bat aldarrikatzen du, eta horretarako EAEko Hezkuntza Publikoko irakasle, sukalde eta garbiketako kolektiboak martxoan eta apirilean deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditu.