134 urte bete dira ‘Zazpiak bat’ armarria lehen aldiz agertu zenetik
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Ostiral honetan 134 urte betetzen dira lehen aldiz publikoki Euskal Herriko ‘Zazpiak Bat’ armarria agertu zenetik. 1892ko abuztuaren 21ean erakutsi zen Donibane Lohizunen antolatutako Euskal Herriko nazioarteko jaien harira.
Jean Jaurgain historialariak sortu zuen armarria, eta Antoine Abadiak bultzatutako “Zazpiak Bat” goiburuarekin batera agertu zen jaietako kartelean. Leloak arrakasta handia izan zuen, eta berehala hedatu zen Euskal Herrian zehar.
Garai hartan, Zuberoak eta Lapurdik ez zuten oraindik beren armarririk. Horregatik, Jaurgainek Zuberoako bizkondeen armak eta Urruñako eta Uztaritzeko ikurrak hartu zituen beste lau ezkutuekin batera jartzeko.
Ordutik armarriak pare bat aldaketa izan ditu, besteak beste, Bizkaiko ezkutuko otsoak eta Gipuzkoako kanoiak eta erregea ezabatu zituzten. Hala ere, sorreratik, “Zazpiak Bat” armarria, leloarekin batera Euskal Herriko zazpi lurraldeen batasunaren sinbolo izan da, eta gaur egun ere hala jarraitzen du.

















