“Aldaketa ausartak” eta “lege-babes zorrotzak” eskatu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak
Gizartea
Ane Garitaonandia Etxebarria
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 25. urteurrena ospatu du Iruñean. Mende laurdeneko ibilbidean euskararen eta hizkuntza-eskubideen alde egindako lana izan dute hizpide.
Ekitaldian, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak orain arteko ibilbidea eta datozen urteetarako erronkak azaldu ditu. Hizkuntza-eskubideak bermatzeko “aldaketa ausartak” eta babes juridiko handiagoa eskatu ditu. Izan ere, oraindik ere badira euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko gainditu beharreko hainbat erronka. Halaber, ezinbestekotzat jo du arduradun publiko eta politikoek duten erantzukizuna. Izan ere, azken 25 urteotan behin eta berriro jo du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, erakunde publikoetara egoera bidegabeak salatzeko eta aldaketa-beharrak planteatzeko.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak ere hartu du parte ekitaldian, 2001etik gaurdaino Behatokiak eman dituen aurrerapausoak balioan jartzeko. Askotarikoak izan dira, Behatokiak euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuari egindako ekarpenak. Alabaina, guztien artean, bat nabarmendu du Eskisabelek, ez dela onargarria, ezta normala ere, euskaldunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuta egotea. Eskisabelen hitzetan, Behatokiak oraindik ere sortu zenean “bezain ezinbesteko” izaten segitzen du “zoritxarrez” eta Etorkizunera begira, baina, hizkuntza-zapalkuntzan oinarritzen den normalitatea iraultzeko funtsezko tresna dela uste du.
Horrekin batera, euskararen defentsan egindako 25 urteko jarduna jasotzen duen erakusketa ere aurkeztu dute. Azken 25 urteen errepasoa egiten du erakusketak, hitzez eta irudiz. Batetik, Behatokiaren sorreratik gaurdaino hizkuntza eskubideen gainean egindako aldarrikapenak, prentsaurrekoak eta borrokak biltzen dira. Bestetik, urte luzez neurri egokirik gabeko gaiak, jasotako erantzunak eta gainditu gabeko urraketak daude jasota, baita lorpen txiki zein handiak eta emandako pausoak ere.

















