Skip to main content

Bordeleko Hezkuntza Akademiak azterketak euskaraz egitea ukatu du

Gizartea

Gaizka Leitza eta Leire Llano

2026, api. 14 - 14:04

Pasa den apirilaren 10ean, Ipar Euskal Herrian, Seaska, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek, Bordeleko Akademiaren eskutitza jaso zuten baxoko matematikako azterketa euskaraz egitearen ezezkoarekin, “indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dela” argudiatuz.

Hil honen hasieran aipatutako elkarteetako kideak Bordeleko Hezkuntza Akademiako Jean-Marc Huart errektorearekin bildu ziren, ikasleek baxoko matematikako azterketak eta ahozko handia euskaraz egin ditzaten eskatzeko. Gainera, pasa den astean, euskaraz ikasten duten gazteak, bretoieraz ikasten dutenekin batera, Frantziako Asanblea Nazionalean egon ziren, haien esanetan jasaten duten “egoera bidegabea” salatzeko.

Peio Dufau EH Baiko diputatuak bere sare sozialetan adierazi du Bordeleko Akademiaren erantzuna “erabaki politiko baten ondorioa dela” eta azterketa euskaraz egitea “teknikoki posible dela, lehen ere egin izan delako”. 2016tik egin zitekeen matematikako azterketa euskaraz, hain zuzen ere. Dufauk adierazi du “entzuteko borondatea balego, euskarazko azterketak mantenduko liratekeela, behin-behinean bada ere, marko egonkor bat adostu arte” eta “euskaraz ikasteko eskubidea ez dela negoziagarria” azpimarratu du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista