EHEk mobilizazioak egingo ditu abenduaren 15ean Euskal Herriko hainbat herritan
Gizartea
Ane Garitaonandia Etxebarria
Urriaren 12a baliatu du Euskal Herrian Euskarazek Espainiar kolonialismo arrazista, etnozida eta linguizida pairatzen duten herri guziei elkartasuna adierazteko. Elkartasun horretan, euskaldunok ardura bikoitza dugula adierazi dute; alde batetik, politika eta jarrera zapaltzaile guztien aurka egitea eta bestetik, Euskal Herritik, euskaratik eta euskaraz, euskal kultura eta hizkuntza aldarrikatzea. Gaineratu dute euskarak faxismoaren aurrean harresia eta herrien arteko elkartasunerako zubi izan behar duela.
Hala, eguna aprobetxatu dute salatzeko Espainiar zein Frantziar Estatuek euskal kulturaren eta hizkuntzaren desagerpena helburu duten politika eta lege asimilatzaileak. Azkenaldian, euskararen kontrako oldarraldi politiko-mediatiko-judiziala estrategia bihurtu dela azaldu dute, baina aspalditik ezagutzen ditugula euskararen eta euskaldunon kontrako legeak. Lege horietako bat da Nafarroako Euskararen Legea.
Abenduaren 15ean 40 urte beteko dira lege zapaltzaile hori parlamentuan onartu zenetik.Lege hori salatzeko eta Euskal Herri osoan euskarari lehentasuna emango dion ofizialtasuna aldarrikatzeko, nazio mailako ekimena abiatu du EHEk. Euskaltzale guziak abenduaren 15ean Euskal Herriko txoko desberdinetan “Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain!” lemapean mobilizazioak antolatzera gonbidatu dituzte: 19:00etan Euskal Herrian Euskaraz kantua abestuko dute, eta horrez gain, bakoitzak nahi duen gisara mobilizazioa osatzeko gonbita luzatu die.
Bitartean, eskualde ezberdinetan batzar irekiak egingo dituzte.


















