Skip to main content

Euskal Herriko zinemetan euskarazko presentzia %2koa izan da 2025ean

Gizartea

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 14 - 15:05

Euskal Herriko zinemetan film komertzialen 200.000 emanaldietatik 4,480 euskaraz izan dira 2025ean, hau da, %2,24. Hori da Pantailak Euskaraz ekimena eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia ondorioztatu dutena, besteak beste Euskal Herriko pasa den urteko zinemen egoera aztertu dutenean. Donostiako Teila Fabrikan egindako agerraldian, Euskal Herrian egondako estreinaldi kopurua zein eskainitako filmen hizkuntza aztertu eta jasotako datuak aurkeztu dituzte.

Alde batetik, estreinatu dituzten film komertzialetatik % 2 baino ez dira izan euskaraz. 1.100 film estreinatu dituzte Euskal Herrian; horietatik, 22 izan dira euskarazkoak Hego Euskal Herrian eta hiru Ipar Euskal Herrian. EAEn eta Nafarroan, 750 estreinalditik seik izan dute jatorrizko bertsioa euskaraz; hau da, % 2,93k.

Euskarazko zinema ekoizteko aurrekontua igo egin da Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzei esker, eta inoizko ekoizpen kopuru handiena lortu da: zortzi film ekoiztu dira euskaraz. Bikoizketari dagokionez, berriz, 22 film ikusi ahal izan ditu publikoak euskarara bikoiztuta. Eusko Jaurlaritzak 'Adi Filmak Euskaraz' programa berria jarri du martxan, eta urtero 24 film bikoizteko konpromisoa hartu du. Pantailak Euskarazek zein Behatokiak uste dute euskarazko filmetarako zein atzerrikoen bikoizketarako baliabide ekonomikoak eta hizkuntza-politika aurrerakoia “indartu beharra dagoela”.

Azkenik, erakunde publikoei egotzi diete herritar guztien hizkuntza-eskubideak zinemetan babesteko neurrien ardura. Nabarmendu dutenez, filmak euskaraz egotea funtsezkoa da euskararen normalizazioan “aurrera egiten” jarraitzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista