Skip to main content

Gasteizko Alde Zaharreko familia bat etxegabetu dute

Gizartea

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026, ira. 25 - 12:09

Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuko familia bat, 8 eta 10 urteko bi adingabe eta bi heldu,etxerik gabe geratu dira. 14 urte daramatzate bertan bizitzen eta guztira 75.600€ ordaindu dizkiote jabeari alokairuan. Nueva Fuera kaleko 28 bis zenbakian bizi dira eta jabeak banku-transferentzia bidez gastuak ordaintzeko eskaera onartu ez zuenez, etxetik bota ditu.

Goizean goizetik Ertzaintzak Nueva Fuera kalea hartu du, eta etxegabetua izango den familiari babesa ematera hurbildu diren pertsonen aurka kargatu du. Larrieldietara joandako kideak ere identifikatu dituzte ospitalean.

2021ean, familiak gastuak banku-transferentzia bidez ordaintzeko eskatu zion jabeari, dena erregistratuta gera zedin, baina honek ez zuen onartu, eta 2022ko urtarrilaren 17an etxegabetze agindua jaso zuten. Luzamendua amaitzean baina, familia babes judirikorik gabe geratu da. Borroka sindikalari esker lortu da irailaren 25era arte atzeratzea.

Familiak orain ez du nora joan, eta gizarte-zerbitzuek argi utzi dute ez dutela bizitoki-alternatibarik eskainiko. Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu du egoera horrek agerian uzten dituela, beste behin ere, etxebizitza eskubide gisa aitortu beharrean merkantzia gisa tratatzen duen sistema baten ondorioak. Udalari eta Gizarte Zerbitzuei alternatibak eskain ditzatela exijitu diete, hala nola, auzoan hutsik dauden etxe abandonatu ugariak erabili ahal izateko neurriak hartzea. Era berean, kaleratzeen kasuan irtenbide duinak bermatzeko, Gizarte Zerbitzuen baliabideak handitzeko eskatu dute.

Etxegabetzea salatzeko, elkarretaratzea deitu du Auzoan Bizikek, arratsaldeko 18.30ean Olaguibel plazan.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista