Skip to main content

Gernika-Palestina ekimenak manifestazioa egin du palestinar herriaren zapalkuntza salatzeko

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, api. 27 - 13:04

Gernika-Palestina ekimenak manifestazioa egin du asteburu honetan Donostian, palestinar herriaren zapalkuntza salatzeko. Milaka lagun mobilizatu dira ‘Gernikaren herritik: genozidiorik ez, gerrarik ez’ lelopean. Bilbon ere elkarretaratzea egin dute Guggenheim Museoaren aurrean, ‘Inperialismorik ez!’ lelopean, herri zapalduekiko elkartasuna adierazteko.

Ekimen hauek Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan egin dituzte. Parte-hartzaileek gerra-politiken aurka egin dute, eta genozidioa zein nazioarteko legeen etengabeko urraketak amaitzea eskatu dute.

Donostiako mobilizazioan ehunka pertsonak parte hartu dute Palestinako gerran hildako haurrak gogoratzeko hil-oihalak eskutan eramanez. Manifestazioaren ostean, antolatzaileek adierazi dute argi ikusten dutela gatazkaren irtenbidea elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan oinarritu behar dela. Halaber, Euskal Herrian gerraren aurkako antolaketa eta sarekatzea indartu beharra azpimarratu dute, eta hori izan behar dela une honetan “guztion lehentasuna”.

Igandean Gernikan egin dute mobilizazioaren balorazioa, bonbardaketaren urteurrenaren testuinguruan. Bertan, adierazi dute Gernika-Palestina ekimenak gerra eta genozidioaren aurkako konpromisoak sustatzen jarraituko duela, eta Donostian berretsitako adostasun sozial eta politikoari jarraipena ematen. Hala, maiatzaren 16an Gernikan bertan ekitaldi “solemne eta kualitatiboa” antolatuko dutela iragarri dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista