Gernika Palestinak euskal gizartea mobilizatzera deitu du
Gizartea
Ainhoa Lainsa eta Unai Alonso
Gaur goizean, Gernika Palestina herri ekimenak prentsaurrekoa eskaini du, Ahmed Alhaddad eta Nur Abunamus palestinarrekin batera, genozidioaren aurkako mobilizazioa deitzeko. Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Donostiako Alderdi Ederren izango da manifestazioa, “Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez!” lelopean.
Naroa Iturri Gernika-Palestinako bozeramaileak azaldu duenez, haien herrialdea ez ezik, mundu osoan ere egoera jasanezina da, eta azpimarratu du “nahikoa esateko garaia” dela.
Ekimenaren arabera, gaur egun, gerra egoera naturalizatu egin da, eta munduaren “egoera jasanezinaren” erantzule nagusitzat jo ditu Israel eta AEB. Haien hitzetan, “inpunitate osoz, biolentzia eta basakeria” baliatzen ari dira beren interes geoestrategikoak inposatzeko. Testuinguru horretan, nazioarteko ordena berri baten beharra aldarrikatu dute, eta euskal gizarteari mobilizatzeko deia egin diote.


















