Skip to main content

Kartzela zigorra eskatu dute sanferminetako talde bortxaketaren biktima zelatatu zuten bi detektibeentzat

Gizartea

2025, ots. 19 - 13:02

Biktimari hiru hilabetez jarraitu zioten bi detektibek. Bost erasotzaileetako baten amak kontratatu zituen sexu erasoaren biktimaren bizimoduaren berri izateko eta biktimaren bizitza intimoaren irudiak hartu zituzten. Detektibeek osatutako txostena talde bortxaketaren akusatuen kontrako ikerketan sartu zen, baina epaiketan kendu egin zuten.

Biktimaren defentsaren abokatuak bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eskatu du bi detektibeentzat. Bi delitu egotzi dizkie: sekretuak argitara atera izanaren delitua eta intimitatearen aurkako delitua. Ez da detektibe horien jardueraren legezkotasuna zalantzan jartzen den lehen aldia.

Gainera, bortxaketarengatik espetxean dauden bost gizonetako bik zigorra berrikustea eskatu dute. Alegazioak aurkezteko epea amaitzen denean, eskaera aztertuko du Nafarroako Auzitegiak. Nafarroako Gobernua bi pertsona horien zigorrak murriztearen aurka agertu da. Felix Taberna presidenteordeak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak, herri akusazio gisa, zigorrak murrizteko baldintza juridikorik ez dagoela uste du. Esan du "zigorrak dauden bezala mantentzeko bezain larria dela delitua".

Hamaika Telebista