Skip to main content

Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko beste zortzi biktima aitortu ditu

Gizartea

Leire Llano eta Gaizka Leitza

2026, Maiatza 26 - 14:05

Aste honetan Nafarroako Gobernuak torturaren beste zortzi biktima aitortu ditu. Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakitera eman dute Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak hartutako erabakia eta“positiboki” baloratu dute bi eragile hauek osaten duten Egiaren Garaia Da dinamikatik. Eman den urrats hau “estatu-indarkeriak lurralde honetan izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko” garrantzitsua dela azaldu dute dinamikatik.
Kepa Vales, Paco Sola, Pello Iraizoz, David Abarzuza, Iñaki Urteaga, Gorka Urteaga, Xabier Sagardoy eta Amaia Elkano dira biktima gisa errekonozitu berri dituzten zortzi herritarrak. 1970 eta 2009 urteen artean Brigada Politiko Sozialaren, Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren eskuetan torturak jasandakoak dira.
Hala ere, Egiari Zorrek eta Nafarroako Torturatuen Sareak oroitarazi dute Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako “giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela”. Orain arte 137 pertsona aitortu dituzte motibazio politikoko biktima 16/2019 Foru Legearen esparruan eta hori hizpide izanik, lurralde honetan estatuaren indarkeria jasandako “pertsona guztiak” animatu nahi izan dituzte beste behin ere eskaerak egin ditzaten.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista