Padura futbol taldeko kide batek jasandako sexu erasoa salatu dute
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Arrigorriagako Padura futbol taldeko jokalari adingabe batek sexu erasoa jasan izana salatu dute. Urruma Arrigorriagako Talde Feministak eta Bidaure Elkarteak sare sozialetan argitaratutako ohar baten bidez eman dute gertakariaren berri.
Haien arabera, futbol taldeko adin txikiko mutil batzuek “emakumezkoen taldeko jokalari adingabe baten aurka egin dute”. Gainera, elkarteek salatu dutenez, entrenamenduetan ere “adingabea jazarri dute”, eta horrek “neskak bizi duen egoera are gehiago larriagotu du”.
Azken hilabeteetan, Padura futbol taldeak emakumezkoen futbolarekiko eta berdintasunarekiko “konpromisoa” azaldu izan du, klub modura “indarkeriaren aurkako espazio seguru eta konprometitu gisa aurkeztuz”. Hala ere, kasu honen aurrean, bi elkarteek kritikatu dute taldeak, “egoeraren jakitun” izan arren, ez duela “espero zitekeen erantzuna eman”, indarkeria matxistaren aurkako protokoloetan eta “sustatu nahi dituen printzipioetan” oinarrituta.
Elkarteen esanetan, kluba “ez da adingabearen alde” agertu, eta hartutako neurriak “ez dira nahikoak izan haren ongizatea eta babesa bermatzeko”.
Horregatik, taldeari “gutxieneko neurriak” hartzeko eskatu diote: biktimari barkamena eskatu eta erreparazio neurriak martxan jartzea, erasotzaileei diziplina-neurriak ezartzea, indarkeria matxistaren aurkako protokolo eraginkorra ezartzea eta halako egoerak berriro gerta ez daitezen prebentzio mekanismo errealak bermatzea.

















