Skip to main content

Sidenorren egoitzan egindako ikerketa baliogabetu dute

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, api. 16 - 14:04

Espainiako Auzitegi Nazionalak Sidenorren Basauriko egoitzan egindako ikerketa baliogabetu egin du, miaketa egiteko “zantzu nahikorik” ez zegoela argudiatuta. Gainera, auzitegiak ukatu egin dio Reffat Alathamma mediku gazatarrari akusazio partikular gisa aritzea eta hortaz, ezin izango dute gizateriaren aurkako delitu baten konplize gisa ikertu.

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak jarri zuen helegitearen ondorioz hartu du miaketa baliogabetzearen erabakia epaitegiak. Izan ere, ikerketak “lege oinarririk ez zuela” eta, ondorioz, haren “oinarrizko eskubideak urratu” zizkiotela argudiatu zuen Jainagak.

Sidenorrek Israelgo armagintza enpresa bati egindako altzairu salmentaren ondorioz, Kontrabando eta gizarteriaren aurkako delituengatik ikerketapean jarri zituzten Jainaga eta enpresaren zuzendaritzako beste bi kide. Hala, informazioa biltzeko, pasa den otsailean Basauriko egoitza ikertu zuten Espainiako Auzitegi Gorenaren agindupean.

Jainagaren deklarazioetan argudiatu zuen ez zekiela bidalitako altzairua obusak fabrikatzeko erabiliko zenik. Hala ere, ikerketan aurkitutako dokumentu batek kontrakoa iradokitzen zuen: armagintzako bezeroen zerrenda batean Israelgo bi enpresa ageri ziren, Israel Weapon Industries eta IMI Systems, eta alboan, erabileraren zutabean, “obusak” aipatzen zen.

Orain, epaiak baliogabetu egin du ikerketa osoa, eta ondorioz, bertan lortutako frogak ere ez dira baliozkoak izango. Hortaz gain, Reffat Alathamma mediku gazatarrari akusazio partikular gisa aritzeko aukera ukatu diote, hasiera batean onartu bazuten ere, apelazio auzitegiak ez baitu haren eta Jainagaren arteko lotura zuzenik ikusi. Ondorioz ezin izango dute gizarteriaren aurkako delitu baten konplize gisa ikertu, horretarako delituaren zuzeneko biktima batek jarri behar baitu salaketa.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista