Skip to main content

Xabi Thikoipe, Bil Gaiten: “Momentua baliatu behar dugu Frantziako Estatuari hainbat gauza galdegiteko”

Gizartea

Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu zuen Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Azaldu du Elkargotik hainbat plan egiten direla euskararen alde, baina hizkuntzaren auzia Frantzia mailakoa dela dio, eta zentzu horretan, azpimarratu du momentua baliatu behar dela elkargoaren izenean Frantziako Gobernuari hainbat eskaera egiteko.
Alde batetik, euskara Europako hizkuntza ofiziala izan dadin Espainiak egindako eskaera babestu dezala galdegin dio Frantziako Gobernuari. Horri lotuta, nabarmendu du azkenean Europan euskara ofiziala izango balitz, Estrasburgoko auzitegietan euskaraz mintzatzeko eskubidea egongo litzatekeela, eta Baionan ez. Horrez gain, eskatu dio Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi dezala eta Frantziako Konstituzioaren ondoko erreforma balia dezala 2. artikulua aldatzeko. Izan ere, salatu du konstituzio horrek frantsesa jotzen duela hizkuntza bakar gisa, eta eskatu du eztabaida horretan hizkuntzen ofizialtasuna mahai gainean jartzeko.