Skip to main content

'Aldecoa' Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdiaren lehendabiziko edizioa martxoan egingo da

Kultura

Aldecoa Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdiaren lehendabiziko edizioa aurkeztu dute Gasteizeko Ignazio Aldecoa Kultur Etxean. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako jaialdia martxoaren 13tik 16ra egingo da, Araba ipuinen arloan erreferente bilakatzeko xedez. Jaialdia irakurketan interesa daukan edonori zuzenduta dago, eta tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko dituzte. Ekintza horiek euskal zein nazioarteko ipuingintzan erreferente diren sortzaileek bideratuko dituzte.

Eloy Tizón, Mariasun Landa, Aixa de la Cruz, Harkaitz Cano, Benizze, Pedro Ugarte eta Joseba Sarrionaindia izango dira, besteak beste, hitzaldietan, tailerretan edo irakurketetan parte hartuko duten sortzaileak. Martxoaren 13an hasiko da jaialdia Gasteizeko Unibertsitate pabiloian Nagore Fernandez, Marijo Olaziregi eta Irati Majueloren solasaldiarekin. Jaialdiaren beste ekitaldi guztiak Ignacio Aldekoa Kultur etxean egingo dira martxoaren 16ra arte. Jardueretan parte hartzeko izena eman behar da www.aldecoafestibala.araba.eus webgunean