Skip to main content

Beñat Gaztelurrutia, Gerediaga elkartea: “Azken urteetako azoka eredua indartuta atera da aurten”

Kultura

58. Durangoko Azokaren biharamunean, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzailearekin hitz egin dugu azokaren balorazioa egiteko. Gaztelurrutiak nabarmendu du azoka “jendetsua” izan dela, eta erakusketariek ere salmenten balorazio ona egin dutela. Elkarteko koordinatzaileak nabarmendu du, Landako gunetik harago, bisitariek beste guneak ere bisitatu dituztela: “Azpimarratu nahi dugu, Landako gune honetatik harago, bisitariek azoka bere osotasunean bisitatu dutela, eta horrek erakusten du azken urteetan aurrera ateratzen garen azoka eredua indartzen ari dela, eta indartuta atera dela aurten”.

Gaztelurrutiaren esanetan, gazte ugari gerturatu da azokara: “Gazteak azokan beti izan dira, eta badago gazte belaunaldi bat oso lan mamitsuak argitaratzen ari dena”. Azaldu du egoera demografikoak ere eragina baduela, gazteak kopuruz gutxiago direlako, baina nabarmendu du gazteak gerturatu direla azokara: “Batzuetan, ikusezinak dira, edo ez ditugu ikusten, baina gazteak badabiltza leku askotan, eta datozen urteetan gonbidapena egiten jarraitu beharko dugu etor daitezen”, azaldu du.

Gaztelurrutiak nabarmendu du Durangora etortzen dena azoka guztia bisitatzera etortzen dela erosketa konkretuak egitera baino gehiago: “Jakin-minarekin etortzen da jendea, eta bisitari kontzientea da, badakiena nora datorren, badakiena euskal kulturgintzaren lurreratze bortitz bat dagoela bertan, eta denetik aurki dezakeela”.