Skip to main content

Koldo Otamendi, Musika Zuzenean: “Musikatik harago doan egitasmoa da Ghau, bai fisikoan, bai zuzeneko emanaldietan”

Kultura

Ghau egitasmoa izango da gaurko Musika Zuzenean saioko protagonista, eta hain zuzen, Gartxot Unsain musikariak kaleratutako ‘Arin Nira’ kantu xorta ezagutuko dugu. Unsainek 16 urte daramatza dagoeneko musika munduan: Madeleine eta Bananas taldeko kide da, Bi Zaldi egitasmo akustikoan ere partzen hartzen du, hainbat talderentzako letrak idatzi ditu, eta gaur egun, Ghau bere bakarkako egitasmoan ari da. Bertan, giro elektronikoak dira nagusi, eta berak sortzen ditu kantuen baseak eta letrak.
Unsainek ez du disko fisikorik kaleratu, eta plataformetan zintzilikatu ditu bere abestiak. Bi liburu argitaratu ditu, eta liburu horien bidez kantu horiek entzuteko bideak ematen ditu: “Bere burutazioak aipatzen ditu, eta Gartxoten beste alderdi bat ezagutarazten du”, aipatu du Koldok. Hain zuzen, iaz "Nora(ez)eroso’ lana argitaratu zuen, eta aurtengo martxoan kaleratutako ‘Arin nira’ liburua ezagutu ahal izango da gaurko saioan; bertan 15 kantu daude, eta “unibertso pertsonal” baterako atea direla azpimarratu du Otamendik.
Emanaldi bereziak eskaintzen ditu Unsainek; bakarka aritzen da, mikrofonoa eskuan, eta dantzari baten laguntza izaten du bere emanaldietan: “Musikatik harago doan egitasmoa da, bai fisikoan, bai zuzeneko emanaldietan”.