Skip to main content

Ondarroa, Ibarra eta Baionako muralak munduko onenak izateko hautagai Street Art Cities-en arabera

Kultura

Kaleko artean berezitutako nazioarteko plataforma nagusienetakoa da Street Art Cities, urteko mural onenen hautaketa egin ohi duena. 2023rako hautagaiak aurkeztu berri ditu eta, haien artean, Euskal Herriko hiru proposamen egin ditu: Ondarroan Djoels flandriarrak egindakoak batetik, eta Nexgraff (Nextor Otaño) pasaitarrak Ibarran eta Baionan osatuak bestetik.
Aipatzekoa da iaz Ondarroako horma-irudi bat hautatu zutela munduko hiru onenen artean. Eta Nextor Otaño, bere aldetik, top 10ean sartu zela.
Aurtengoei dagokienez, Ondarroakoa Kamiñazpi Artisten Egoitza programaren barruan Djoels artistak egindako mural sorta da. Artistak Gabriel Arrizabala arrantzale ohia hartu du muralerako eredu gisa eta horma-irudian ontzi baten maketa margotzen irudikatu du.
Bigarren euskal izendatua, esan bezala, Ibarran Nexgraff pasaitarrak egindakoa da. Murala Ibarralde kalean dago eta, Street Art Cities plataformatik azaldu dutenez, euskal tradizioan sustraitua dago. "Nekazaritza eta kultur tradizioak belaunaldi batetik besterra paratzea ibartarren eta inguruko eskualdeetako biztanleen nortasunaren alderdi garrantzitsuak dira".
Horma-irudia bi astetan egin zen, eta irudian, amona bat bere bilobarekin ageri da lorategi edo baratze batean, belaunaldien arteko transmisioa irudikatuz.